Errepublikanismoa eta euskara II. Errepublika aurretik

Con el objetivo de impulsar la reflexión hausnartzen. ¿Qué República?  Os presentamos este artículo de Unai Belaustegi publicado en UZTARO 91.

Errepublikanismoa Euskal Herrian, estatu-mailan gertatu zen bezala, 1868ko iraileko Iraultzaren ostean plazaratu zen lehendabiziko aldiz. Orain arte dakigunaren arabera, bi korronte ezberdinen inguruan bildu ziren hasierako errepublikano haiek: alde batetik, federalismoaren banderaren azpian, eta, bestetik, monarkiko liberalekin koalizioan. Federalismoaren azpian agertu ziren lehendabizikoak, Bilboko eta Tolosako alderdiak izan ziren, 1868ko urtea amaitu aurretik jada antolatuta zeudenak.

Bai korronte batekoek eta bai bestekoek, antzekotasun ideologiko handiak izan zituzten: guztiek ordura arteko estatu isabelinoaren aurrean estatu-egitura errepublikano eta federal baten aldeko jarrera erakutsi zuten, nahiz eta hori lortzeko estrategietan ezberdintasun nabarmenak eduki. Egitura federalarekiko hurbiltasuna euren foruzaletasunak eman zien, foru-gobernuak mantentzeko aukera teoriko ia bakarra errepublikanismo mota horretan aurkitu baitzuten. Foruzaletasunarekin lotuta, errepublikanoen euskaltzaletasuna edo euskal kultura eta ohiturekiko interesa azpimarratu behar da. Horrez gain, karlismoarekiko eta ondoren euskal nazionalismoarekiko aurkakotasun handia adierazi zuten, besteak beste, errepublikanoen diskurtsoan demokrazia, laikotasuna eta modernitatea oso barneratutako ideiak izan zirelako.

Baina hala ere, hasierako errepublikanoen euskaltzaletasunaren barnean, euskararekin izan zuten erlazioari buruz, oraingoz behintzat, informazio gutxi aurkitu da. 1868tik Foruen Abolizioaren Legea (1876) kaleratu arteko urteak adibide esanguratsuak dira aspektu horri dagokionez. Errepublikanismoa —liberalismoa oro har— eta euskara uztartzen dituzten iturriak ez dira egundaino iritsi, eta iritsi diren errepublikanoei buruzko iturri apurretan euskararen aipamenik ez da ia agertu ere egiten. Euskararen erabilera publiko-politikoa batez ere korronte tradizionalistetan eman zen fenomenoa izan zela esan daiteke, Patxi Altunak Jose Inazio Aranari buruzko lanean kontatzen duen moduan (Altuna, 1996: 33). Altunak Arana jesuitaren hitz batzuk ekartzen ditu gogora, euskara etsaiari edo «liberal»ei zuzentzeko erabili ohi zutela adierazteko: El mes pasado y éste han salido varios papeles, y alguno que otro librito en «vascuence» muy oportunos, y en «euskara o baskuenze» contra protestantes y liberales con motivo de esparcimientos, malos papeles y libros.

Liberalek ere euskaraz ulertzen zutela ondorioztatzeko besterik ez du balio esaldiak, politikagintzan, esan bezala, ez baita euskararen aztarnarik mantendu. Baieztapen horri eusten dion beste adibide bat da 1868tik 1876ra arte errepublikano eta liberalek idatzi zituzten egunkarietan euskarazko aipurik aurkitu ez izana. Errepublikanoak prentsa-organo sortzaile apartak izan ziren, baina euskara ez zuten egunkariak betetzeko tresnatzat ia sekula erabili. Kasurik bitxiena agian, gipuzkoarrek sortutako El Euskara (1868-1872) aldizkaria da.

Joaquin Jamar errepublikanoak parte hartu zuen bertan eta errepublikanismoaren eta euskararen arteko harremanaren inguruan espekulazioak egitera bultza badezake ere, eta izenburuak aditzera ematen duenaren aurka, gaztelania hutsean idatzia egon zen

1.-Berrezarkuntzaren hasierako urteak 

Canovasek foruen abolizioa sinatu ostean, euskal errepublikano ugarik parte hartu zuten gobernu zentralarekin diputazioetako ordezkariek izan zituzten negoziaketetan, beste behin ere autonomiaren aldeko jarrera babestuz. Jakina denez, negoziaketa haietan euskararen auzia ez zen inolaz ere aipatu, euskaldunentzat oraindik hizkuntzaren auziak ez baitzuen probintzien autogobernuarekin inolako erlaziorik.

1870eko hamarkadaren amaieran eta 1880koaren hasieran, «demokrata» eufemismoaren atzean, egunkari eta astekari errepublikano berriak plazaratzen hasi ziren hegoaldeko Euskal Herrian, guztiak gaztelaniaz idatziak. 1885ean Donostian, Euskal Herrian sekula orrialde gehien kaleratu dituen egunkari errepublikanoa plaza publikoan aurkeztu zen: La Voz de Guipúzcoa. Diario Republicano (1885-1936). Korronte errepublikano ezberdinetako 16 errepublikanok sortu zuten La Voz, eta hasierako urte zailen ostean, tartean 1888an sektore katolikoak egunkariaren aurka bildu zituen «50.000» sinadurak, Gipuzkoan gehien irakurri zen egunkaria izatera iritsi zen. Errepublikanoez gain, liberal monarkiko askok ere irakurri zuten (Belaustegi, 2014). Egunkaria sortu eta II. Errepublika aldarrikatu arte, gipuzkoar errepublikanismoaren ideologo nagusia eta errepublikanismoa egituratzeko ezinbesteko elementua izan zen La Voz, baina 46 urte horietan zehar ez zen euskaraz prosan idatzitako albiste edo kronikarik agertu . Euskaraz kaleratutako idatzi bakarrak, bertso eta olerkiak izan ziren. Eta aipatu denez, La Voz-i egotz dakiokeen euskara falta hori bera egotz dakieke gainontzeko egunkari errepublikanoei ere. Egia da, bestalde, urte horietan euskal errepublikanoen artean euskara oso presente egon zela, besteak beste ia ospakizun guztietan abestu ohi zuten Gernikako Arbola ereserkiari esker. Iparragirre goraipatzea ere ohikoa izan zen, batez ere federalen artean.

Euskararen presentzia ezaz gain, 1890eko hamarkadara arte errepublikanoek ez zuten euskararen inguruko gogoeta askorik egin. Urte horietan zehar eta  korronte liberalekin nolabaiteko hurbiltasuna mantenduz agertu diren adierazpen guztiak Donostian bertan Euskal-Erria aldizkariarekin erlazionatutako idatziak izan ziren, horietako batzuk egunkari errepublikanoek eurek egin zituztelarik. Hemen aipatu adibidez, Donostiako La Voz-ek Euskal-Erriarekin harreman estua izan zuela eta XIX. mendearen amaiera arte behinik behin, euskal errepublikanismoaren beste ideologo nagusietako bat izan zen Benito Jamar hil eta gutxira arte, egunkari donostiarrak aldizkariaren jarraipen handia egin zuela, hango idazle eta gainontzekoen idatziak kaleratuz.  

2. XIX. mendearen bukaera

1890eko hamarkadaren hasieran alderdi ezberdinetan antolatzen hasteak eta Kontzertu Ekonomikoaren negoziaketaren hurbiltasunak eraginda (1893-1894), egunkari errepublikanoak euskarari eta euskal kulturari buruzko gogoetak kaleratzen hasi ziren aurrenekoz. Mikel Aizpuruk adibidez, Azpeitiko Udalean euskara-politikari buruz hitz egitean, XIX. mendearen bukaeran aldaketa antzeman zela dio, eta jartzen duen lehendabiziko adibidea 1903koa da (Aizpuru, 2011). Gehienetan, egunerokotasunean helburu politikoak lortzeko erabilgarria izan zitekeen instrumentu gisa bainoago euskal herrien historia goraipatzeko tresna gisa erabili zuten euskara, gai sinboliko bat bailitzan. 1892an esaterako, Donostiako zorrillisten burua zen De la Peñak La Libertad egunkariaren orrialdeetan kontatzen zuenez, Donostiara etorri aurretik Madrilen Justo Maria Zavala Gorteetako tolosar ordezkari errepublikano eta medikuarekin elkartu eta hari esker euskal kultura lehendabiziko aldiz hurbiletik ezagutzeko parada izan zuen. Zavalak, Tolosako Furundarena piano-jotzaile gaztea, Laspiur tenorea eta Urandurraga piano-jotzaile afizionatua aurkeztu zizkion, eta denak batera bazkaltzeko elkartu ohi ziren. Halako bazkari batean, Zavalak berak euskaraz abestutako bertso hauek gogoratu zituen De la Peñak: Gure lege berria biardegu jarri, esango det egia garbi eta sarri. Churino eta beltzac gerra egin zuten, apaizac eta aberatzac erregia nai zuten, guchiegi gorriac, gañera pobreac, gurea arrazoia indarra besteac. (coro) Viva Euskal-erria, Viva lege berria, Viva gure gendia, Viva beti pakia.

Euskal herrien iragana gogoratzerako orduan, errepublikanoek Berrezarkuntza osoan zehar gehien erreparatu zuten pasartea II. Gerra Karlistarena izan zen. Errepublikanoek gerren ardura beti karlistei bota zieten, anaien artean borroka piztu izana eta ondorioz foruak galdu izana leporatu baitzieten. Aipatu Zavalaren bi bertsoak, hain zuzen ere II. Gerra Karlistei egindako erreferentzia garbiak dira, gerron errudunak elizgizonak eta «aberatsac» izan zirelarik; «gorriec» —errepublikanoek edo demokratek— haiei aurre egiteko gaitasunik gabe ere (tartean ekonomikoak) arrazoiaren defentsan borroka egin zuten. Gainontzeko egunkari errepublikanoetan ere ohikoak izan ziren halako bertsoak. Bertso eta olerkiok, euskaraz idatziak egoteaz gain, Euskal Herria eta euskal tradizio eta kultura azpimarratu ohi zituzten. Eta, noski, foruak sarri agertzen ziren abestiotan.

Olerki eta bertsoekin batera, poliki-poliki bertsolariak eurak gogoeta haien protagonista bihurtzen hasi ziren, «hemengo» berezitasuna zela azpimarratuz .  Adibiderik garbiena agian Jose Mari Lopetegi Txiplau irundar errepublikano eta bertsolariarena izan daiteke. Nahiz eta gorde diren bertso gehienak 1923 ostekoak izan, Txiplauren federalismoa eta euskaltzaletasuna Berrezarkuntza garaian ere agerian utzi eta politikagintzarekin konprometitutako bertsolaria izan zela ondorioztatu du Joxan Elosegik (2004). Txiplauk Errepublika hitzaren ordez Erkala erabili ohi zuela jaso du Elosegik (45. or.), adibidez: Erkala eta Euzkadi’n alde nere izate guztian, beregatikan alde egin da arkitutzen naiz Prantzian; Estapel billa etorri giñan sort-leku onak galtzian, gaur emen nago Euskal-Ludian kaskoi-mugaren ertzian, Arraute izena, Bide-Berria deitutzen zaion etxian.

Gogoratu nahi da gainera, Gipuzkoako errepublikanoek sarri erabili zutela Bilintx bertsolari eta errepublikano ohiaren irudia federalismoa, foruzaletasuna eta euskaltzaletasuna goraipatzeko, eta Pio Bizcarrondo, Bilintxen semea, Donostiako federalismoaren gidarietako bat izan zela Berrezarkuntzan zehar. Bertsolaritzaren eta errepublikanismoaren arteko harreman estua antzeman daiteke baita Aizpururen artikuluan (2000: 66-67). Aizpuruk Victoriano Iraola eta batez ere Pedro Mari Otaño aipatzen ditu, azken horren ideologia zehaztu nahian. Otañok, foruak,Euskal-erria eta Bastilla-ko gertaerak defenditu ohi zituen: (Errepublikak) eskatzen du egiteko denok elkarri laguntza, beren modura gobernatubaz probintzi t’erri bakoitza, ortik fuerora zer diferentzi dago, aitona? Zer? Utsa.

Prentsaren gaiarekin jarraituz, 1890eko hamarkadan zehar, euskal hiriburuetako prentsa-organoak komunikabide-enpresa bihurtzen joan ziren heinean, irakurle gehiagorengana iristen hasi ziren, eta horrek ideologia errepublikanoa zabaltzeko erraztasunak eskaini zizkien. Gaztelaniak jarraitu zuen izaten errepublikanoek publikoan erabiltzen zuten aurreneko hizkuntza, baina ez bakarra. Errepublikanoek gaztelaniaz irakurtzen eta idazten jarraitu zuten, baina irakurle berrien gehiengoak, batez ere hiriburuetatik kanpora, oraindik euskara zerabilen bere egunerokotasunean. La Voz-en kasuan esaterako, 1890eko hamarkadan Donostiatik probintziako herrietara zabaltzen hasi zen eta berehala herriotako kronikak sistematikoki kaleratzen hasi ziren. Horrek, hizkuntza-politikan aldaketa handirik ekarri ez bazien ere, errepublikanoen artean euskarak zuen presentziaz jabetzeko balio du. Errepublikano askok etxean eta kalean euskara erabiltzen zutela pentsatzen da, baita alderdien ospakizun askotan ere, herrietako kronikek adierazten duten moduan. Horren adibide izan daitezke, esaterako, 1895ean Eibarren otsailaren 11ko ospakizunetan —I. Errepublikaren aldarrikapen-eguna izan zen errepublikanoen artean egunik adierazgarriena— Antonio Iturrioz Eibarko alkateak kideei eskainitako hitzaldia 8 edo 1899an Donostiako kasino federalaren bosgarren urteurrenaren ospakizunean federalen zuzendaritzako buru zen Gamboak irakurritako poemak. Mendea amaitu aurretik, eta azken otsailaren 11ko ospakizunen harira, Emeterio Arrese errepublikanoaren bi bertso hauek publiko egin ziren Gipuzkoan, monarkia kritikatu eta mende berriarekin etorriko zen Errepublikaren esperantza edo egunsentia aurreikusiz : Ara nun dagon odol tartian triste, mintsu ta bakarra atso berekot kopet illuna goiberaturik bizkarra; ori da legez monarki-tarrak darabilkiten izarra, egun mocharen arratsaldia, ori da illunabarra. Begirazazu nola dagoan urrutiko mugaldia egal urdiñak zabal zabalik eguzki printzaz betia; ori da berriz argirotzen dan mirabe alai gaztia, albiste onez datorkiguna, ori da, egun sentia.

Mendearen amaierarekin batera antzeman daiteke euskara iragan loriatsuak gogoratzeko tresna izatetik etorkizun ideala eraikitzeko gogoeten parte ere bazela, eta ez bakarrik bertso eta olerkietan erabili zutelako, baizik eta egunerokotasunean bizitza politikoa aurrera eramateko askotan aukeratu zutelako euskara.

Horren atzean egon daitezkeen arrazoien artean aipagarriena, agian, zera izan daiteke: 1890eko Sufragio Unibertsalaren legea kaleratu ostean errepublikanoek populuaren babesa lortu nahi bazuten, populuaren hizkuntza erabili beharra izan zuten, eta hiriburuetatik kanpora, non Bizkaiko salbuespenarekin oraindik estatuko gainontzeko probintzietatik etorritako emigranteen kopurua txikia zen, populuaren hizkuntzak euskara izaten jarraitzen zuen.

3. Euskara eztabaida politikoaren erdian

XIX. mendearen bigarren erdialdean, errepublikanoen artean federalak izan ziren euskara publikoki gehien erabili zutenak bai eta euskal kulturarekiko kezka gehien erakutsi zutenak ere. Eta mende-aldaketarekin, joera hori sakondu besterik ez zen egin. Esan behar da euskararen beraren erabilera arlo askotan agertu arren, bereziki euskal lurraldeen inguruko gaiekin erlazionatutako testuinguruan eman ohi ziotela errepublikanoek hizkuntzari indar berezia. 1900eko ekainean, Justo Maria Zavalak bere hitzekin eskaini zion «Euskal-Erriari» zortzikoa adibide. Eta euskara eta «Euskal-Erria» agertu ohi zirenetan, Iparraldeko euskaldunei erreferentziak egitea ere ohikoa izan zen errepublikanoentzat. Adibide bezala, urte hartan bertan, donostiarrek Elizanbururi eskainitako omenaldiaren testuinguruan, ospakizunaren ostean prentsan agertu zen «Euskaria Francesa» izenburua zeraman kronika baliagarria izan daiteke, honela baitzioen: Hace pocos años que murió en su patria, en el encantador país vasco-francés, el primer poeta euskalduna (sic), (…) siguió viviendo en su país vasco. (…) poseen los vasco-franceses, en esa melodía que contiene el vascuence de los pueblos de Azcain .

Baina mende berriarekin batera, eta euskal lurraldeak ezagutzen ari ziren aldaketei lotuta —masa-gizartearen sorrera, industrializazioa, sozialismoaren eta euskal nazionalismoaren agerpena…—, historian ia lehendabizikoz, euskara politikagintza baldintzatzera iritsi zen elementua bihurtu zuten. Korronte politiko ezberdinen arteko eztabaidagaien artean nagusitzen hasi zen hizkuntzaren auzia, komunikatzeko tresna izatetik helburu politiko zehatz batzuk lortzeko aitzakia edo trabatzat erabiltzen hasi baitziren alderdi guztiak. Herri bat egituratzeko orduan hizkuntzaren auzia ezinbestean jorratu beharra zegoela agerian geratu zen, eta horren aldekoak ez zirenek, bi bide hartu zituzten: hizkuntzaren eta nortasun nazionalaren arteko erlazioak ukatu, batak bestea baldintzatu ezin zezakeela defendatuz, edota ordura arte hain agerian ez zegoen beste nortasun nazionala indartu, kasu horretan, espainiarra  . Euskararen izaera bera, iragana eta etorkizuna zalantzan jarri zen aurrenekoz.

1901eko azaroan, zenbait euskal egunkari errepublikanok Unamunoren idatzia kaleratu zuten, zeinetan bilbotarrak euskara mantentzearen beharra eta erabilera kritikatu baitzituen. Hori Unamunok berak abuztuan Bilboko Lore-jokoetan esandakoek izan zuten oihartzunarekin lotu behar da. Unamunoren adierazpenek polemika handia piztu zuten, ez bakarrik euskal nazionalismoaren barnean, baita errepublikanoen artean ere. Errepublikano batzuk Unamunoren alde agertu baziren ere, gehienek kontrakotasuna adierazi zuten. Azaleratu ziren protestei dagokienez, zenbait errepublikano adierazgarrirenak azpimarra daitezke, adibidez Praxedes Diego Altuna donostiar errepublikano posibilista ezagunarenak. Altunaren kexuek, besteak beste, La Voz egunkaria azalpenak ematera behartu zuten. Egunkari errepublikanoak argudiatu zuen Unamunoren artikulua zientifikoki idatzita zegoelako kaleratu zuela, besterik gabe. La Voz-en azalpenak egunkariak eta haren inguruko errepublikanoek euskararen inguruan zuten jarrera aztertzeko balio du: Nunca La Voz de Guipúzcoa estará al lado de los que defienden la doctrina de que el vascuence debe irse, queriendo con esto significar que haya que poner los medios necesarios para que el vascuence desaparezca .

Hasierako polemikaren ostean, hurrengo hilabeteetan zehar, nolabait egunkari errepublikanoek euren orrialdeetan euskarari eta euskal kulturari arreta handiagoa eskaini ziotela antzeman daiteke, tarteka Iparragirre, Gernikako Arbola eta antzeko gaien inguruko kronikak aurkeztuz.

Baina Unamunorena ez zen izan euskararen aurka egunkari errepublikanoek kaleratu zuten artikulu bakarra, nahiz eta halakoetan jarrera horren kontra zeuden errepublikanoen kexuak entzun behar izan zituzten. 1912an, esaterako, La Voz-en S. Jaca izeneko batek Argentinatik Gaztelu federalaren artikulu baten aurka bidalitako idatzia kaleratu zen: «¿Cómo es posible (…) que se haya publicado sin protesta ese artículo en el riñón del País Vasco?». Gazteluk euskararen barnean existitzen zen euskalkien aniztasuna kritikatu zuen, Bermeoko batek Hondarribiko bat edo gipuzkoarrek lapurtarrak ulertzeko zailtasunak zituztela argudiatuz. Gazteluren ustetan, euskararen egoera hura, hizkuntza hilzorian zegoelako sintoma bat besterik ez zen: Yo pienso que ese carácter del idioma no es por su sola expresión de la raza. Vascos hay que no saben hablar vascuence, y castellanos o hijos de castellanos que lo conocen a las mil maravillas. (…) la raza que es la que da la sangre, será signo de verdadera naturaleza, no el lenguaje, que al fin y al cabo, contra toda opinión siissmilchista (sic), es cualidad que se debe exclusivamente al hombre, creada y desarrollada por el hombre en colectividad. Para mí —esto lo creo firmemente— no es esencial la constancia de un mismo lenguaje para la existencia de un pueblo. El lenguaje varía, cambia y se modifica, muere y el pueblo vive, puede vivir.

XX. mendearen hasieran baina, berriro Kontzertu Ekonomikoen negoziaketen testuinguruan eta foruzaletasunaren gorakadari atxikia, euskararen erabilera eta euskarekiko sentsibilizazioa sakondu egin ziren errepublikanoen artean. Horren adibide, Ganboak Tolosako gazteen kasinoaren inaugurazioan edota Antonio Iturrioz Eibarko alkateak Nicolas Salmeron errepublikano ezagunaren semearen aurrean botatako hitzaldiak. Iturrioz euskaraz mintzatu zen: «para que se le comprendiera mejor».

1906ko urrian Arrasateko Kasino Errepublikanoaren inaugurazioan,  Uribesalgo, Samperio eta Ubagok emandako hitzaldiak horren beste adibide bat dira. Inaugurazio-gauean gainera, Abarrategi poetak karlismoaren  aurkako zenbait poema eskaini zituen, bai eta bandera hiru-kolorea goraipatu ere. Tartean honako hau entzun ahal izan zitzaion, aita liberal batek bere semeari karlistengandik urruntzeko eskatuz : ¿Zu zergatikan zabiltz Ori defenditzen? ¿zu zergatikan general Faltzoak serbitzen? ¿Ez aldezu zuk gauza Ori entenditzen? Nere seme maitia ¿zer dezu pentsatzen? Bada azken azkena Nik dizut esaten Lotza bear dezula Oyei beguiratzen Eta oyelakorik Bazaitzu etortzen Azi azkar makilaz Bizcarrak berotzen.

Kontzertu Ekonomikoaren negoziaketa hurbiltzen eta Gipuzkoan Foru Liga indartzen joan zen heinean, egunkariek ere berriro euskararen erabileran erreparatu zuten, eta, ondorioz, erreferentzia gehiago aurkitu ahal izan dira. Iturrien beste irakurketa bat izan liteke pentsatzea errepublikanoak bat-batean euskara gehiago erabiltzen hasi zirela, baina, gure ustetan, zentzu gehiago luke ondorioztatzeak egunkariek arreta handiagoa eskaini ziotela euskarari gizartea oraindik orobat euskalduna zelako.

Foruzaletasunak eta Hegoaldeko lau probintzien historia bateratuari egindako erreferentziek, XIX. mendearen amaieratik zetorren eta aurrez aipatu den joerari jarraikiz, errepublikanoen eta euskararen arteko harremana estutu zuten. Berrezarkuntza osoan zehar euskara gehien aipatu zuten tartea XX. Mendearen lehendabiziko hamarkada izan zela esan daiteke, hain zuzen ere euskal diputatuek Kontzertu Ekonomikoa sinatu behar zuten garaia eta, beraz, foruzaletasuna gorengo mailan zegoen momentua, batez ere Gipuzkoan. Egon daitezkeen adibide guztien artean bat aukeratzekotan, La Voz-ek kaleratu zuen Foru Ligaren berri ematen zuen olerki kronikatu itxurako albiste hau, II. Errepublika arte euskaraz kaleratu zuen bakarra, zeinetan gipuzkoar guztien batasunaren alde egiten zen, ideologiak alde batera utziz: Provintziko erri geyenetatik bialdu diskigute ayetako bakoitzian arkitzen diren gizonen firmak edo izenak. Bañon erri batzubek oraindikan agertu ez dira. Ayek ere ez ote dira esnatuko? Erdi esnatuban tiraliak ateriaz egoteko beta juan zan. Ernai ta prest izateko garaya irichi zaigu zertan zaute. Gobernuari beinguan ayazi gabe «danak bat gerala?». Ontara erri bakoitzian erriyan diran gizon guztiyen firmak edo izenak bildu bear dira. Parroko jaun edo Erretore ta Alkate jaunak buru dirala danak danok firmatu edo bakoitzak bere izena jarri dezala, bat bakarrak ere uts egin gabe. Gauz ontarako laja beltza edo zuriya izatiari. Utzi alde batera erriko alkateren arteko sesiyo t’istillubak aztu gorrotubak, ta ordez gogoan eduki, oraiñ, oraiñ bezela, premi t’estuasun ontan, Euskaldun utsek gerala, Gobiernuak ala billatuko gaitubela, eta oni ayazi ere bai, Madrida «comisionatubak» bezela juan diran Diputatubak, gu danen ordez, ta gu danen izenian uan dirala, «derechoz» guria dana eskatzera, ta guk danok bear deguna ekartzea. Utsi arudik gabe, Gobiernuak nai dabena esan dezan, ta bitartean guk emendik lenbailen bialdu ditzagun, iru provintzi abetako Euskaldun on guztiyen izenak edo firmak Gobiernuak ikusi dezaten provintziyak Irurak bat dirala, ta danak bat, Euskalduna. Gure antziñako lege toiturak bizi dezatela. ¡Vivan los Diputados! ¡Vivan los Fueros!

Ikusi daitekeenez, errepublikanoen artean euskararen erabilera eta Euskal Herriarekiko sentimendua eskutik joan ziren gehienetan, eta euskal nazionalismoaren agerpenera arte, errepublikano gehienak euskararen erabileraren eta euskal probintziek elkarrekin zituzten harreman historikoen defendatzaileak izan ziren.  Baina euskal nazionalismoak plaza publikoan indarra hartu zuenean, Gipuzkoan XX. mendearen bigarren hamarkadan bezala, nazionalistekiko aurkakotasunarekin batera, euskararekiko mespretxua ere handitzen joan zen errepublikanoen artean.

4. Euskal nazionalismoaren indartzea eta Berrezarkuntzaren krisia

Euskal nazionalismoaren indartzeak, bere garaian errepublikanismoaren agerpenarekin gertatu zen antzera, orduko taula politikoa aztoratu zuen eta zenbait korronte politikok euren oinarri ideologikoak birplanteatu behar izan zituzten, tartean errepublikanoek. Ordura arteko euskal iragan loriatsuari lotutako foruzaletasuna ez zen nahikoa jada euskaltzaletasuna justifikatzeko, eta euskal nazionalismoa Bilbotik eta Bizkaitik gainerako probintzietara zabaltzen joan zen heinean, harekiko eta euskaltasunarekin lotutako ia edozerekiko aurkakotasuna ere zabaltzen joan zen. Berrezarkuntzak aurrera egin ahala, joera hori sakondu egin zen eta 1923an, Primo de Riveraren diktadurarekin, euskararen inguruko lege eta gogoetak plaza publikotik desagertu ziren.

Esan bezala errepublikanoek, euskal nazionalismoaren aurrean diskurtso zahar-berritu indartu behar izan zuten, hizkuntzak nortasun nazionalarekin izan zitzakeen harremanak ukatuz. Errepublikanoak aurrenekoz, euren euskalduntasuna ere zalantzan jartzen ari zirela konturatu ziren. Arrazoien artean, indar abertzaleek gainontzeko indar politikoei hainbat alditan benetako «vascongado» ez izatea leporatu izana dago besteak beste. Eraso horien aurrean, errepublikanismoak erreakzionatu egin zuen. Antonio Iturrioz Eibarko alkate errepublikanoak La Voz-en idatzitako «Mi Vascongadismo» artikulua horren adibide garbia da. Bertan, Iturriozek errepublikano izatea eta euskalduna izatea kontrajarriak ez zirela defendatu beharrean aurkitu zen, eta eman zituen arrazoien artean azaldu zuen bere arbasoak euskaldunak zirela, bere emazte eta seme-alaben moduan, eta txikitatik amak euskaraz irakatsi —besterik ez zekielako— eta berak euskaraz egin zuela. Mitin politiko gehienetan eta bizitzako gainontzeko momentuetan ere euskara erabili ohi zuela gaineratu zuen Iturriozek. Hori gutxi balitz, azken karlistaldian borrokan aritzeagatik atzerrira ihes egin behar izan zuela gogoratuz, euskaldun oso ez izateko arrazoirik ez zuela argudiatu zuen Iturriozek. Nolabait, bere euskalduntasuna tartean euskararen erabilerarekin justifikatu nahi izan zuen, euskarak bere bizitzan izan zuen garrantzi handia azaleratuz, nahiz eta bere ideia politikoetan independentziarako tarterik egon ez. Hala ere, independentziarik ez baina euskal probintzien autonomiaren aldekoa izan zen Iturrioz, gobernuarengandik distantziak markatuz: Nunca será grande la patria común de los españoles, si los pueblos y las regiones que la integran no son grandes a su vez por sus virtudes, por su libertad, por sus hábitos de trabajo, su capacidad administrativa.

Euskal nazionalismoaren zabaltzeak sortu zuen hasierako ideologia-mailako erreakzioaren ostean, beste bat etorri zen berehala, batez ere nazionalistok erakunde publikoetan sartzen hasi zirenean, besteak beste, euskararekin lotutako lege ezberdinak adostu eta praktikan jarri zituztelako. Klerikalismoarekin batera errepublikanoen eta euskal nazionalisten arteko liskarren erdigune bihurtu ziren euskararen inguruko legeak. 1910eko abenduan esaterako, Hernaniko Udalak, zinegotzia zen Felipe Miner errepublikanoaren gomendioei jarraikiz, udaleko postu bat betetzeko baldintzen artean ikasketaduna izateaz gain, merezimendu berbera zutenen artean aukeratu behar zen kasuetan, euskara jakiteak lehentasuna izango zuela erabaki zuen. Erabaki hark ez zuen zalaparta gehiegirik piztu errepublikanoen artean, berehala ikusiko den arrazoiagatik .

1916ko abenduan Gipuzkoako Diputazioko baso-ingeniaria izateko baldintzen artean euskararen ezinbesteko ezagutza jarri zen baldintzatzat eta horrek, oraingoan bai, besteak beste errepublikanoen haserrea ekarri zuen. Ia zutabe osoko idatzian, La Voz-eko errepublikanoak, euskararekiko zuten maitasuna argi utzi ostean, «Sentimos nosotros tanto cariño y tanta veneración como el que más por las cosas propias de esta tierra y de esta raza», erabakiaren aurka agertu ziren: Siguiendo por este último camino y llevando a  exagerados extremos la imposición del vascuence, los vascófilos a ultranza pudieran llegar con su proteccionismo a cerrar las fronteras del pensamiento. Los habitantes de este país, sujetos a un régimen mono lingüístico, no estarían en condiciones de comunicarse con el mundo como lo hacen mediante el castellano.

Eta modu honetara amaitu zuten kritika: Que en igualdad de condiciones se prefiera al concursante que habla vascuence está muy bien. Pero que quien no lo hable no pueda ser funcionario de la Provincia o del Municipio, es algo que se aparta del buen sentido y que nos predispone a captarnos antipatías que no hay porqué atraerlas.

Eta Hernanin eta Gipuzkoako Diputazioan bizitakoak gainontzeko hiri nagusietan ere ikusi ahal izan ziren berehala. Donostiako Udaleko gertaerak horren adibide. 1917ko azaroan egin ziren udal-hauteskundeak indar kontserbadoreek irabazi eta udalean gehiengoa eskuratu zuten. Urte berriarekin batera hasi zuen udal berriak jarduna, eta lehendabiziko proposamena, Vicente Laffitte mauristak egindakoa, honako hau izan zen: gaztelaniaz ongi moldatzen ez ziren zinegotziei euskaraz hitz egiteko baimena ematea. Proposamenak, noski, protesta handiak sortu zituen eta, tartean, errepublikanoen mesfidantza azaleratu zen. Erabakia «maurista» eta «bizkaitarra» bezala deskribatu zuten. Errepublikanoek bi interes ikusi zituzten Laffitteren saiakeraren atzean. Batetik, udaleko idazkari berria izendatu beharra zegoen eta euskaraz hitz egiteko legea onartuz gero, idazkariak ere euskaraz jakin beharko zukeen, derrigorrean, aktak jasotzeko. Beste aldetik, Dato Gobernutik kanporatua izan zenez, Laffittek euskal nazionalisten laguntza bilatu nahi zuen politikagintzan jarraitzeko. Laffitteren proposamenaren gaineko eztabaida gehiagorik ez zen egon, baina errepublikanoek argi utzi nahi izan zuten euren jarrera: Tenemos la convicción absoluta de que los bizkaitarras (sic) han llegado al Municipio en son de guerra (…). [Estamos] dispuestos a comentar sinceramente sus actos, pues jamás consentiremos que aquellos cuyas ideas solo son compartidas por una parte reducidísima de este pueblo, traten de imponerse manejando como armas la desconsideración y la insolencia, y quieren causar daños a San Sebastián, la «ciudad reproba», según ellos objeto ardiente de nuestros amores, como lo es Guipúzcoa y lo es Vasconia entera. Porque a pesar de poner por encima de todo el amor a España, somos tan ardorosos vascongados como el bizkaitarra (sic) más irreductible.

Antzeko jarrera erakutsi zuten gipuzkoar errepublikano kontserbadoreek euskal nazionalistak Bizkaiko Diputazioan euskararen aldeko erabakiak hartzen hasi zirenean. Euskararen defendatzaile sutsu bezala agertu ziren errepublikanoak baina «separatistek» Espainiarekiko banaketa sakontzeko euskara erabiltzea onartuko ez zutela adierazi zuten: Un día, y a pretexto —más o menos fundado— de que muchos habitantes del País no conocen el idioma castellano, en vez de fomentar su divulgación, se hacía que los documentos oficiales emanados de las diputaciones se escribiesen en castellano y en vascuence. (…) Y llego un día en que, con una osadía verdaderamente inconcebible y que echa por tierra todas esas ridículas lamentaciones de los «bizkaitarras» cuando dicen que «Vasconia es una nación oprimida por España».

Euskal lurraldeentzat euskal nazionalisten jarrera hura erabat kaltegarria zela iruditzen zitzaien errepublikanoei, besteak beste, eta gaztelaniaz ez zekitenei eragingo zien kalteaz gain, estatuko gainontzeko probintzien aurkakotasuna eragingo zuelako. Errepublikanismoaren sektore kontserbadoreak azaleratu zituen ideia horiek gainontzeko errepublikanoen artean aldeko eta aurkako adierazpenak ekarri zituzten. Aurkakotasunei dagokienez, B.M. ezizenez sinatu zuen errepublikano batek, artikulua «desdichado» bezala deskribatu ostean, errepublikano kontserbadoreen jarrerak euskarari kalte egiten ziola adierazi zuen, errepublikanoek ere txikitatik euskaraz hitz egiten zutelako eta «bihotzean» zeramatelako.

Aipagarria agian, egun berberean La Voz egunkariak Francisco Gascue federal ezagunak idatzitako eskutitz bat erabili izana, euskal nazionalismoa euskara separatismoa justifikatzeko erabiltzen ari zela kritikatuz: ¿Que el vascuence debe cultivarse? Perfectamente. Yo por mi parte, laboro en ese sentido; mi esposa, a pesar de no ser vasca, he conseguido que lo comprenda, y confió en su dominio total de la lengua vasca. Después, mis hijos habían de saberlo y procuraré no lo olviden. Entiendo yo que esto es mirar desinteresadamente por la perduración del vascuence, y no ciertas medidas preñadas de tendencias políticas malsanas.

Handik urte batzuetara, 1923an, antzeko eztabaida bat piztu zen Donostiako Udalean. Dirudienez, korronte politiko guztiek euskararekiko eta euskal kulturarekiko babesa handitu egin zuten, batez ere Gobernuaren delegatuek euskaraz ez zekitenez mitin eta ekintza publikoak euskaraz ospatzea debekatu zutelako. Baina Gobernuaren erabakiak euskal nazionalistak mugiarazi zituen bakarrik, eta euskararen aldeko erabakiak hartzera bultzatu zituztela dirudi. Donostiako Udalak, esaterako, kontratatzen ziren langile berriak euskara ikastera behartzea adostu zuen. Euskal nazionalisten erabakien aurka Fernando Sasiain gazte errepublikanoa eta Castor Torre sozialista agertu ziren bakarrik: Afirman que «en realidad no es preciso conocer el vascuence, sobre todo en esta ciudad cuyo empleo es insignificante, aún en la vida familiar y muchísimo menos socialmente… Es, además, inconstitucional, ya que todo español puede aspirar a los empleos y cargos públicos».

Berrezarkuntzaren azken urteotan, beraz, euskararen inguruan hiru korronte nagusi azaleratu zirela esan daiteke. Alde batetik, errepublikanismo kontserbadorearekin identifikatu zenektorea, euskararen alde bai baina horren gaineko erabaki politikoak hartzearen aurka agertu zirenak. Multzo horren barnean sartuko genituzke zenbait monarkiko ere, tartean Jose Orueta bera, bere lanetan euskarekiko hurbiltasuna erakutsi baitzuen (Orueta, 1922). Errepublikanoen sektore murritzago batek, Gaztelu federalak esaterako, Unamunoren teoriei jarraikiz, euskara desagertzearen «aldeko» jarrera erakutsi zuen. Euskarak herriari nazioartean erlazionatzeko oztopoak jartzen zizkiola uste zuten horiek, eta gaztelania erabiltzen hasteko beharra defendatu zuten. Hala eginez gero, batetik, elizgizonen eragina gutxituko zela aurreikusten zuten, eta, bestetik, Euskal Herria espainiar herrien buruan jarriko zela. Joera hori errepublikano horiek euskal nazionalismoaren aurkako jarrera erakusteko modua izan zen batez ere,eta Berrezarkuntzak aurrera egin ahala gero eta jarraitzaile gehiago izan zituen.

Azkenik, hirugarren sektore batek euskal errepublikanismoak zituen oinarri federalen ondorioz, euskara eta euskal kultura eta tradizioarekiko gertutasun handiagoa erakutsi zuen. Partidu Federaleko kide gehienak sartu beharko lirateke multzo horretan, nahiz eta, ikusi denez, salbuespenak egon. Berrezarkuntzaren azken urteetan, gainera, talde horrek gainontzeko errepublikanoengan eragitea ere lortu zuen hein batean, Berrezarkuntzaren hasieran bezala, foruzaletasunarekin lotuta euskararen ideia erromantikoa azaleratu baitzen. Euskara Euskal Herriaren tradizio eta usadioak eta probintzien iragan loriatsua goraipatzeko tresna bihurtu zuten berriro, elementu politikoari hainbeste erreparatu gabe: Al cabo de los tiempos, cuando en otras tierras desaparecieron aedas, trovadores y juglares y el romancero castellano perdió su aroma popular para contra hacerse con burdas imitaciones literatescas (sic), los vascos perseveran en sus tradiciones poéticas, nacidas en la prístina fuente plebeya. Los «versolaris» conservan en sus estrofas la rudeza y la ingenuidad primitivas. Son, como estos «Pranshesa», Iparraguirre y Ezquerra herederos de Gonzalo de Berceo, el gran bardo. Y, como él, no son letrados ni ambiciosos. Se contentan con obtener, por premio de sus trovas, el clásico «vaso de bon vino», que Berceo pedía..

Ondorioak

Esan daiteke beraz, errepublikanoen eta euskararen arteko harremana II. Errepublika aurretik gazi-gozoa izan zela. Oro har, gehienek ikusi zuten euskara zaindu eta mantentzeko beharra, euskara euren historiaren parte zela kontsideratzeaz gain, historia hori gogoratzeko tresnatzat erabili baitzuten. Hein handi batean horregatik, euskararen erabilera ahozkotasunera mugatu zuten. Idazteko hizkuntza ez izan arren, ospakizunetan euskal abestiak abestea —Gernikako Arbola ereserkia ia Marsellesa adina abestu zuten— edo mitinetan euskara sarri erabili zuten errepublikanoek. Azken horrek, era berean, errepublikanoen gehiengoa euskaraz komunikatzen zela adierazten du. Euskararen presentzia hiriburuetatik kanpora askoz nabarmenagoa zen, eta probintzietako herrietan euskara gaztelania adina erabiltzen zutela ondorioztatu behar da.

Oro har, federalak izan ziren euskararekiko sentsibilizazio handiena erakutsi zutenak, euskal Estatu federal baten eraikuntza justifikatzeko orduan, foruzaletasunarekin lotuta, euskal tradizio, kultura eta usadioak elementu garrantzitsuak izan baitziren, eta, ondorioz, baita euskara ere. Gainera, euskal probintzietako errepublikanismoaren oinarri ideologikoetan federalismoaren eragina ia erabatekoa izan zela onartuz gero, kutsu federal horrek errepublikano gehientsuenei euskararekiko nolabaiteko sentiberatasuna sortu ziela ondoriozta daiteke. Federalismoaren eta euskararekiko sentsibilizazio horren arteko erlazioa ez da kasualitate hutsa edo Euskal Herrira bakarrik mugatu zen gertaera. Estatu moderno bateko komunitate ezberdinen hizkuntza-beharrak asetzeko konponbidetzat teoria federalak erabiltzea historian hamaika aldiz jorratu den aukera da. Kanadan, esaterako, federalismoaren aldeko apustua eta AEBko Konstituzioa erreferentziatzat hartzea, batez ere Quebec-eko frantses-hiztunen eskaerei erantzunez eta Estatu bakar baten pean biltzeko soluziorik praktikoena zela ondorioztatu zuten frantziar eta ingeles-komunitateek: «In 1867 when Canadian political leaders sought to frame a new political system. The need to protect the Francophone minority led to the choice of a federal system rather than a unitary state. As the Supreme Court recently noted “the social and demographic reality of Quebec (…) was one of the essential reasons for establishing a federal structure for the Canadian union in 1867”».

Beraz, nahiz eta euskal errepublikanoen artean euskararen erabilera gutxitzen joan, batez ere euskal nazionalismoarekiko aurkakotasunaren ondorioz, eta baita poliki-poliki euskara tresna politiko bihurtu izanaren ondorioz ere, etxeko bizimodutik haratago ere sarri erabili zuten hizkuntza izan zen. Industrializazioak eta migrazioek euskararen erabilera zaildu eta mugatu zuten aldi berean, eta euskararekiko jarrera politiko ezberdinak azaleratu ziren, baina II. Errepublika arte behinik behin, euskal probintzien iragan loriatsua gogoratzeko lehendabiziko komunikazio-bidea euskarak izaten jarraitu zuen, Gernikako Arbolak edo II. Gerra Karlistaren inguruan abestu ziren bertso eta olerkiek adierazten dutenez.

Esta entrada fue publicada en Errepublikazaletasunaren historia. Historias del republicanismo de aquí., Hausnartzen. ¿Qué República? y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.