Bisitaldi honetan begirada berri bat eman nahi diogu Bilbori. Gure gaurko Bilbo berritu honek, hiri garbi, txukun eta, beharbada, aldi berean hain aseptiko eta oroimen-gabe honek, baditu gordeta hainbat leku, batzuk agerikoak eta beste batzuk askoz ezkutuagoak, zeintzuetan entzun daitekeen gure historiaren ahotsa, behialako gizon eta emakume langileen mintzoz hitz egiten diguna. Proiektu hau Jose Unanue Fundazioak egin du Bilboko Udalaren diru-laguntzarekin.
Horretarako, ibilbide bat prestatu dugu, hamar puntuz eta beste sei leku “gehigarriz” osatua. Aurreneko hamar puntuak ikusteko hiru bat orduko ibilaldi bat egiten da, oinez nahiz garraiobide publikoz, esaterako tranbiaz. Puntu gehigarriak distritu barruko erreferentziak dira, bisitaldiari hasiera nahiz amaiera emateko baliatu daitezkeenak, segun-eta bisitariak zein tokitatik heldu diren. Lan hau abiapuntu bat baino ez da hurbilagotik ezagutzeko behialako Bilbo industrial eta sindikala, langileak zituena bere klase nagusia. Lan honen asmoa da ibilbide gehiago sortuz joatea, auzoetatik hurbilago joango direnak eta elkarrekin konbinatzeko modukoak izan daitezkeenak.
Ongi etorri, beraz, ibilbide honetara, eta aurkitu dezazuela gurekin batera Bilbo berri bat.
1.-BILBOKO UDALETXEA
Gure ibilbide historikoari hasiera emateko abiapuntutzat hartzen dugu Bilboko langileriak bere eskubideen alde egindako hamaika borrokaren lekuko izan den toki bat: Bilboko Udaletxea. 1890eko greba historikoa egin zenetik, borroka sindikal eta demokratikoaren hamaika pasarte ikusi ditu Bilbok bere kaleetan. XIX. mende amaierako meatzarien grebek protesta-ziklo bat ireki zuten, XX. mendeko hasierako hamarkadetaraino luzatu zena eta gailurra jo zuena Bigarren Errepublikarekin. 1936ko Estatu-kolpearen ostean Bilbo frankistek setiaturik egon zen ia urtebetez, harik eta 1937ko ekainean Errepublikaren aurka jaikitako matxinoek hiriko defentsak hautsi eta Bilbon sartu ziren arte.
Gerra ostean Bilboko espetxeak, hala lehendik zeudenak nola gerra garaian sortu zirenak, erregimen frankistak errepresaliatutako langilez bete ziren. Gerraosteko lehenbiziko greba orokorrak Bilbon egin ziren, 1947an eta 1951n. Hiriak izugarriko aldaketa sozial eta ekonomikoa bizi izan zuen 50eko hamarkadaren amaieran. Milaka langile —gizon eta emakume— heldu ziren beste lurralde batzuetatik, auzo berriak sortu ziren, langile-ordezkaritza modu berriak agertu, grebak eta manifestazioak hasi, eta, batez ere, 60 eta 70. hamarkadetako errepresio gogorrak bete-betean jo zuen.
2.-LA ANEJAKO ELIZA
Gauden toki honetan altxatu zen Uribarriko Familia Santuaren eliza, La Aneja izenez ezagutua. 1962ko udaberriko greben osteko errepresioak langile mordo bat eraman zituen espetxera. Beste asko deserriratu eta lanetik bota zituzten. Egoera horretan, hainbat lantegitako langile komisioen ordezkariak harremanetan sartu ziren elkarrekin. Eliza honetan bildu ziren 1963an Bizkaiko lantegi handienetako 48 langile-ordezkari. Batzar hartan ikusi zen bazegoela beharra plataforma egonkorrago bat sortzeko, hobeto defendatzeko aurreko urteko greben ostean kanporatutako 52 langileak. Lehenbiziko bozketan hamabi ordezkari aukeratu ziren. Eztabaida batzuen ostean, Komisioa lagun hauekin osatuta geratu zen: Valeriano Gómez Lavín, Agustín Sánchez Corrales, José María Echevarria Heppe, David Morin Salgado eta Ricardo Basarte Amézaga. Azpimarragarria da nolako garrantzia izan zuten militante katolikoek beste joera batzuetakoen aldean, adibidez komunisten aldean. Holaxe sortu zen Bizkaiko lehenbiziko Langile Komisioa.
3.-BILBOKO GOTZAINDEGIA
Orain Bilboko Gotzaindegi edo Apezpikutegian gaude. 36ko gerra hasi zen unetik bertatik Eliza izan zen erregimen frankistaren zutabe sendoenetako bat. Halere, 50eko hamarkadan aldaketa nabarmen batzuk gertatzen hasi ziren, eragina izan zutenak sektore katoliko batzuetan. Acción Católica-ren eskutik langile giroetan lanean ari ziren JOC eta HOAC bezalako taldeak gero eta konpromiso handiagoa hartzen hasi ziren langileen alde. Talde horietako kideek zuzenean hartu zuten parte lehenbiziko Langile Komisioen sorreran.
Pertsonaia berri bat sortu zen orduan: langile-apaiza, zeinaren bitartez nabarmen estutu ziren talde horien eta langileen arteko harremanak. Nahiz eta Elizako goi-agintariek frankismoari atxikiak jarraitu zuten, behintzat 60ko hamarkadaren amaierara arte, langileen alde ari ziren talde horiek gero eta indar handiagoa hartu zuten. Kontuan hartu ezik horien lana, bai eta Bilbo eta Bizkaiko parrokietako hainbat abaderena, ezingo genuke ulertu garai hartako lan-gatazka handienek hartu zuten tamaina eta piztu zuten elkartasuna, esaterako Bandaseko grebak (1966-67). Greba hori ez zen izan bakarrik langile-erresistentziaren eredu biribila, horrezaz gain elkartasun olatu latza sorrarazi zuen Bizkaian, Estatu osoan eta atzerrian.
1967ko apirilaren 12an 150 abade bildu ziren toki honetan eta, ikusi ondoren apezpikuak ez zituela hartu nahi, idazki bat aurkeztu zuten salatzeko langileek eta militante politiko eta sindikalek pairatzen zuten jazarpena eta errepresioa.
70eko hamarkadan Elizaren eta erregimen frankistaren arteko harremanak gero eta txarragoak ziren, harik eta tirabirak Elizako buruetaraino iritsi ziren arte. 1974an, Bilboko apezpikua, Monseñor Añoveros, frankismo denborako gatazka sonatuenetako baten protagonista bihurtu zen, mehatxu egin zuenean Franco bera eskumikatuko zuela. Gertakari hark amaiera eman zion aro bati.
4.-LARRINAGAKO ESPETXEA
Larrinagako espetxea (Gaurko Grupo Garamendi terrenuetan. Santutxun) Bizkaiko gerraosteko kartzela handienetako bat izan zen. Espetxea 1871n eraiki zen, eta 1897an, Enrique Epalza arkitektoaren gidaritzapean, emakumeentzako pabiloi bat eraiki zuten, “Galera Etxea” deitua. Eraikin hori gero Udal Musika Eskolaren eta Bilboko Orkestra Sinfonikoaren egoitza bihurtu zen. Galera etxeak instalazio modernoak zituen eta “Karitateko Ahizpek” kudeatzen zuten.
Halere, XX. mende hasierarako Larrinagako espetxea oso egoera txarrean zegoen jadanik, hainbat gogorragoa egiten zuelarik, hortaz, bertan preso zeuden atxilotuen bizitza. Larrinagako espetxean gertakari latzak bizi izan ziren gerra zibilean, baina latzena 1937ko urtarrilaren 4an gertatu zen: egun horretan, frankisten hegazkinek Bilbo gogor bonbardatu ondoren, elementu erradikalez osatutako jendetza sumindu bat Larrinagara oldartu zen eta, indarrez barrura sarturik, eskuineko preso politiko mordo bat atera eta hil zituzten.
Gerra bukatu ondoren, Larrinagako espetxean ehunka preso errepublikano metatu ziren baldintza negargarrietan. XX. mendeko 50eko hamarkadaren azken urteetatik aurrera, berriz, langile-borroken ondorioz espetxeko ziegak berriro bete ziren Francoren erregimenaren aurkako sindikalista eta aurkariekin, euren artean zeudelarik Langile Komisioetako kide asko, esaterako Jose Unanue. Denborarekin, espetxea gero eta gehiago hondatu, zikindu eta zaharkitu zen, eta 1967an itxi egin zuten. Urte horretan bertan zabaldu zen bere ordezkoa, Basauriko espetxe berria, zeinetara hamaika sindikalista preso eraman zituzten diktaduraren azken urteetan.
5.-LAN-MAGISTRATURA
Bilboko itsasadarrari eta Alde Zaharrari begira ikusten dugun eraikin hau, herritarrek Bailengo etxe orratza deitzen dutena, José María Chapak eta Manuel Ignacio Galíndezek eraikiarazi zuten 1946an. Bera izan zen 40 metrotik gorako lehen eraikina Bilbon. Bilbotar gehienentzat leku ezaguna izan arren, gutxik dakite Franco garaian Lan-magistraturako egoitza izan zela.
Lan-magistratura 1938an sortu zen “Fuero del Trabajo” izeneko legeriaren babesean.
Erregimenaren arabera, Lan-magistraturaren helburua zen ekoizpen prozesuan sortzen ziren gatazkak konpontzea, batez ere lan arloko gatazkak. 1979an Instituto de Mediación, Arbitraje y Conciliación delakoak hartuko zuen bere lekua. Lan-magistratura sortu zenean ezabatu egin ziren Lan-Epaimahai Mistoak eta Industriako Tribunalak.
Frankismoaren aurreneko hamarkadetan lan arloko gatazkak Lan-magistraturara bideratzen ziren. 1946tik aurrera, Lan-magistraturak 50.000-60.000 gatazka inguru ebatzi zituen urtero, gehienetan kaleratze eta soldata arazoen ingurukoak. Langileek bide bat baino ez zeukaten beren lan-baldintzei buruzko erreklamazioak legearen barruan egiteko: Organización Sindical Española (OSE) deitutako egitura frankistaren bidez edo Lan-magistraturaren bidez. Bestalde, erreklamazioak indibidualak baino ezin ziren izan, talde-erreklamazioak debekatuta eta zigortuta baitzeuden.
Ikusteko nola langileek bide legalak (Lan-Magistratura) eta ilegalak (grebak) baliatzen zituzten beren interesak defendatzeko, adibide ona da Etxebarriko Laminaciones de Bandas en Frío lantegian sortutako gatazka. Bandas-eko greba borroka antifrankistaren sinboloa da euskal langile mugimenduarentzat. Etxebarriko Laminaciones de Bandas en Frío lantegia 50eko hamarkadaren amaieran sortu zen AHV eta Basconia enpresen kapitalekin. Gatazka 1966ko azaroaren 30ean hasi zen, eta 1967ko maiatzaren 20ra arte luzatu. Primen inguruko arazo bat zela medio, Etxebarriko Laminaciones de Bandas en Frío lantegiko 960 langileetatik 800ek grebara jo zuten. Lan-metodo berriak eta ugazaben itxikeria izan ziren gatazkaren arrazoia. Hala langileek nola enpresak Lan-magistraturara jo zuten, eta epaia enpresaren alde erori zen.
Langileek abiatu zituzten ekintzak mota bietakoak izan ziren: legezkoak eta legez kanpokoak. Lehenbiziko egunetik hasi ziren egunero inprimatzen eta zabaltzen gatazkaren gorabeherak jasotzen zituen orri batzuk. Esku-paper horiek indarra eman zioten gizartearen parte-hartze eta elkartasunari, ez bakarrik Etxebarri eta Basaurin, mugimenduak Bizkaiko mugak ere gainditu baitzituen. Elkartasuneko lan-uzteak eta diru-bilketak etengabeak izan ziren. Emakumeek funtsezko papera jokatu zuten mobilizazioetan eta, batez ere, grebari eusten.
Poliziaren erasoek, deserriratzeek, enpresak Otxarkoaga auzoan zituen etxebizitzetatik langile grebalariak kanporatzeko mehatxuek… ez zituzten batere kikildu langileak. Apirilaren 2an Gobernuak salbuespen egoera agindu zuen eta askatasun guztiak eten zituen. Atxiloketa eta deserriratze olatu bat hasi zen orduan. Maiatzaren 20an greba bertan behera utzi zen, 180 egunen buruan.
6.-IPARRALDEKO GELTOKIA
“Bizkaian bada lana denentzat”. 60ko hamarkada hasierako propaganda horrek eta etorkizun hobearen esperantzak bultzaturik, milaka langile, bakarka nahiz euren familiekin, Bilboko geltokira heldu ziren aukera berrien bila. Laster ikusi zuten eslogan hura ez zela arras egia. Bai, bazen lana mundu guztiarentzat, baina uste zutena baino lan prekarioagoa zen maiz. Halere, etxebizitzarik eza izango zuten arazo larriena.
Zurezko eta kartoizko maleta zaharra lepoan hartuta, ilusioz beteta, milaka gizaki haiek egoera berriaren erronkari aurre egin beharrean aurkitu ziren. Iparraldeko Geltokia izan zen askorentzat euren bizitzaren zero kilometroa.
7.-KALE NAGUSIA. ALDUNDIA
Diego Lopez de Haroren Kale Nagusia eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia Bilboko hamaika gertakari historikoren lekuko izan dira. Horietako askotan langile jendea izan da protagonista. Hala gertatu zen, adibidez, 1890eko maiatz hasieran, erakunde ofizial guztiak dardaraka eta meategietako ugazabak izu-laborrian jarri zituen meatzarien greba historikoa egin zenean. Gauza bera gertatu zen ondoko urteetan ere, XX. mende hasieran Bilboko kaleak pilpiran jarri zituzten lan-gatazka ugarietan.
Gerra ostean Kale Nagusia eta Aldundiaren jauregia gune garrantzitsu bihurtu ziren: Bilboko botere ekonomiko eta politikoaren ikurrak ziren heinean, inguru horretara biltzen ziren langileak lan-baldintza hobeak eskatzeko kalera ateratzen ziren bakoitzean. Une honetan zapaltzen ari garen espaloi hauek hamaika gauza ikusita daude: diktadurak zanpatzen zituen oinarrizko eskubideen alde beren bizia arriskuan jarri zuten hainbeste gizon eta emakume langileren aurkako polizia erasoak, atxiloketak, jipoiketak…
8.-OSE (Espainiako Sindikatuen Erakundea)
Eraikin honetan ederto ikusten da XX. mendeko 30eko hamarkadatik 50eko hamarkadara bitartean Bilbon nagusi izan zen arkitektura arrazionalista. Eraikin hau arkitektura mota horren adibide petoa izateaz gain, baina, gutxik dakite garai batean OSE-Organización Sindical Española delakoaren egoitza izan zela, “Sindikatu Bertikala” deitzen zen harena alegia.
Klase-sindikatuen ilegalizazioa eta sindikatu bertikalaren inposizioa kolpe gogorrak izan ziren langile mugimenduarentzat. Ordezkari legitimorik gabe, erakunde eta bilerak egiteko lokal propiorik gabe, eta langileen eskubideak murrizten zituzten legeen azpian bizitzera behartuak, langile mugimenduko militanteek oso egoera gogorra bizi izan zuten gerraosteko lehenbiziko urteetan. Sindikatu Bertikalak ez zeukan batere zerikusirik langile gehienen interesekin, eta, aurreneko hamarkadetan, enpresarien eta bake soziala bortxaz inposatu nahi zuen erregimen frankistaren zerbitzuko tresna bat bezala ikusi izan zen. Lehenbiziko hauteskunde sindikalak 1944an egin ziren, eta bertan aukeratu ziren aurreneko artekari sindikalak, baina diktaduraren ahaleginak gorabehera oso langile gutxik hartu zuten parte euretan, sindikatu berriekiko desatxekimendua nagusi baitzen langileen artean. Estraineko hauteskunde haietan aukeratuak suertatu ziren ordezkari sindikalek ez zeukaten legitimitaterik ez euren lankideen onespenik. Klase-sindikatu ilegalizatuek boikotaren bidea hartu zuten erregimenak bortxaz inposatutako sindikatu bertikala ahuldu beharrez. Halere, egoera hori aldatzen hasi zen 50eko hamarkadan, orduan hasi baitziren sortzen lehenbiziko langile komisioak: lantegietan batzar txikiak egiten hasi ziren eta bertan aukeratzen hasi ziren langileen ordezkariak, langileen eskabideak bideratzeko, eta gero ordezkari horiek langile komisioetan elkartzen ziren. Bilakaera hori izan zen sindikatu bertikalaren legitimitatea erraustuko zuen prozesuaren lehen urratsa. Espainiako Alderdi Komunistak bultzatzen zuen estrategia —hauteskunde sindikaletan parte hartzea— 60ko hamarkadetan hasi zen mamitzen. Ordura arte militante apur batzuek baino ez zuten onartu hauteskunde sindikaletan parte hartzea, hautagai ofizialen garaipena eragozteko.
Sindikatuen lokalak: Langile Komisioek frankismo garaian aukeratutako estrategia —ordezkari erreibindikatzaileenak aurkeztea enpresetako hauteskunde sindikaletara— erabat arrakastatsua gertatu zen. Estrategia horri esker, 1966an Euskadiko Langile Komisioetako kideek bereganatu zituzten enpresa askotako ordezkaritza sindikal gehienak. Sindikatu bertikaletan infiltratzeko estrategia hori funtsezkoa gertatu zen langile mugimendua berriro zutik jartzeko.
1966ko hauteskunde sindikalak garaipen osoa izan ziren Euskadiko Langile Komisioentzat, beren militante asko kokatu baitzituzten Bizkaiko enpresa handienetako artekari eta epaimahaikide postuetan. Orobat, Langile Komisioetako buruzagi batzuk Bizkaiko nola Estatuko bokal izendatuak izan ziren, eta sindikatu batzuetako komisio eta sekzio sozialetako presidentzia eta presidenteordetza ere eskuratu zuten, esaterako metalaren sektorean. Sindikatu bertikalean halako oldarrean infiltratuz errazagoa egin zen “modu legalean okupatzea” sindikalismo ofizialak artean betetzen zuen espazioa. Lokal horietan egin ziren batzarretan agerian geratu ziren alde “ekonomiko eta sozialaren” artean zeuden interes —eta klase— gatazkak, erregimenak hasieratik ezkutatu nahi izan zituenak hain zuzen, eta talka hori azaleratu zenean kordoka jarri zen frankismoak inposatutako eredu osoa. Egoera horri erantzuteko beste tresnarik ez zeukanez, diktadurak errepresio basatira jo zuen. Militante langile horietatik gehienak beren sindikatu karguetatik bota zituzten 1967an, eta Langile Komisioak eurak ere ilegalizatu zituzten; baina ordurako lan-gatazkak jadanik fenomeno zabaldua ziren. Ordezkari sindikalak kargugabetu arren, batez ere enpresaz gaindikoak, Langile Komisioetako kideek hurrengo hauteskundeetan kargu mordo bat bereganatu zituzten enpresa askotako epaimahaietan, diktaduraren amaiera arte.
Sindikatu bertikala langileak enkoadratzeko tresna bat izan zen frankismoan. Erregimenaren egitura instituzionala hiru zutabetan oinarritzen zen: familia, herria eta sindikatua. Sindikatu bertikalak (CNS, OSE[1]) biztanle kopuru jakin batetik gorako herri guztietan zituen adarrak, eta bazituen eraikin mordo bat lan munduarekin zerikusia zuten ekintzak burutzeko, baina bere sarean sartuta zeuden baita ere aisialdiko egoitzak (heziketa eta atsedenerakoak —“educación y descanso”— esaten zitzaienak), lanbide heziketako zentroak, etxebizitza auzoak, eta are egunkariak ere. Eta hori guztia ordaintzen zen langile guztiek derrigorrez ordaindu behar zituzten kuotekin.
9.Indautxuko komisaria.
Indautxuko Polizia Armatuaren komisaria eta La Salvearen Guardia Zibilaren Kuartela izan ziren atxiloketa eta torturarako erabili ziren zentroak frankismo garaian Bilbon. XX. Mendeko 70. hamarkadaren hasieratik ehunka militante antifrankista pasa ziren bertako ziegetatik atxilotuak izan eta gero. Indautxuko komisarian itaunketa gogorrak egin ziren tratu txarrak zein torturak erabilita Brigada Politiko Sozialaren eskutik, oposizio antifrankistako kideen ikerketa eta atxiloketarako sortu zen talde berezia. Euskadiko Langile Komisioakeko hainbat kide esanguratsuk ezagutu zituzten ziega horiek. 1967ko martxoan Alemanaren Meatzearen erorialdia eta gero erakunde honetako ehun militante baino gehiagok bukatu zuten zentro honetan asanblada bat egiten zuten bitartean atxilotu eta gero.
10.EUSKALDUNA
Inguru horretako izaera industriala desagertu den arren, orain, Isozaki dorreak edo Iberdolako kolosoarekin hiriaren sky-line berri bati lekua utzita, Euskalduna Jauregiak eraikuntza nabalarekin lotuta dagoen iragan horri omenaldia egiten dio. Izaera industrial hori eraikin batzuen arkitekturan sumatu daiteke, esaterako 1997an ireki zen Guggenheimean, itsasontzi forma daukana, Musikaren jauregiak bezalaxe, Euskalduna (1999). Arkitektoak Federico Sorioano eta Dolores Palacios dira, lehen zegoen ontziolako enpresari zeinu bat egin diote. Aipatu beharrekoa da Euskalduna, enpresa borrokalari izaerakoa eta hasiera batetan kapital abertzaleari lotuta. Diktadura frankistan langileak antolatzen hasi ziren lehenengoetarikoa izan zen. 1953ko gabonetan pagak ez ordaindu eta gero, langileak greban hasi eta gatazkaren bozeramaile moduan enpresarekin egiteko negoziazioak kudeatzeko arduraduna izan zen batzorde bat hautatu zuten. Batzorde hau izan zen langileen ahotsa, baina gatazka konponduta desegin egin zen.


Gehigarriak
REKALDE (AAVV) URETAMENDI
Erregimen frankista sustatu zuen XX. Mendeko 50. hamarkadatik politika ekonomiko berriak eta hurrengo hamarkadan zehar eman ziren hainbat aldaketa esanguratsu eragin zituen. Ekonomiaren liberalizazio progresiboak eta inbertsio berriak iristeak lanpostu berriak sortzea eragin zuten, bereziki siderurgia eta eraikuntzan. Milaka eta milaka langile iritsi ziren urte haietan Bizkaira aukera berrien bila. Horietako gehienak urte gutxitan finkatu ziren baina beste asko, baldintza horiek lortu baino lehen garai hartako baldintza gogorrak bizi izan zituzten etxebizitza faltak markatuta. Egoera honen aurrean milaka familiak, gauetik egunera eta material prekarioekin eraikitako txaboletan bizi behar izan zuten, inolako azpiegitura elektriko eta sanitariorik gabe. 60. hamarkadaren hasieran oraindik ere bazirauten horrelako eraikin mota batzuek Bilbo inguruetan, Bizkaiko hiriburua inguratzen zituzten mendi magaletan. Uretamendi, Mazustegi edo Otxarkoaga auzoek horrelako txabolak ezagutu zituzten.
Masifikazioak hiriburuko auzo langileei eragin zien, Errekaldeberriren kasuan bezalaxe. 60 eta 70. hamarkadetan nukleo hori ez zen frankismoaren garapenaren alderik ikusgarrienetako bat izan. Etxebizitzen pilaketa, kontrolik gabeko etxeen eraikuntza eta auzo langile erresidentzial batetan enpresa asko martxan jartzeak horren hondatzean lagundu zuen. Bizilagunen eskaeren erantzun eskasa udal eta foru erakundeen aldetik eragin zuen hauek antolatu eta Bilboko lehenengoetariko Bizilagun Elkartea sortzea.
1964ean sustatutako araudia berriaren berotasunarekin sortu zen eta protagonismo handia izan zuen urte haietan Errekaldeberriko Bizilagunen Elkarteak. Auzoaren egoera kaxkarraren inguruan kexatzeko eskutitzak idatzi eta bidali zizkieten agintariei, hainbat ekimen jarri zituzten martxan eta mobilizazio esanguratsuak sustatu zituzten.
ARTIACH
Estatuan 20. hamarkadan galleta fabrika batentzat eraiki zen lehen eraikina izan zen. 70. hamarkadan 800 pertsona inguruk lan egiten zuten bertan, gehienak emakumeak. Frankismoko araudiak emakumeak lan mundutik aldentzen saiatu zen uneoro, emakumeak etxeetan sartuz eta emakumeen “etxeko aingeru” moduko irudia sustatuz. Erregimeneko erakunde esanguratsuetatik indartu zen ideia hau, Gizarte Laguntza edo Atal Femeninotik esaterako. Emakume langile izatean beren jarduera nagusia ezkondu arte luzatzen zen. Frankismoak “dotearen” kontzeptua ezarri zuen emakumeei ezkontzean ematen zitzaien nolabaiteko sari ekonomikoa. Emakumeen lana gizonezkoaren ordainsari nagusiaren osagarritzat hartzen zen eta kasu askotan enplegurako sarbidea ezkutuko ekonomiaren bitartez egin zuten.
Artiach-ek zuen langile motaren arabera mugimendu sindikal gutxiko enpresa dela pentsa badaiteke errealitatetik urrun dago ideia hori. Galleterak oso kolektibo aktiboa izan ziren beren eskubideen defentsan eta emakumeen eskubideen defentsan hauen eskubideak oso mugatuak zeuden garai batetan.
ARTXANDA
Artxanda, Bilboko birika, aisialdirako eta Bilboko bizilagunak zabaltzeko gune bat baina askoz gehiago da. Gain hau oso esanguratsua da bilbotarren memoria kolektiboan. Funikularra eta hemendik dauden bistak, garrantzia bereziko gertakari historiko batzuk gordetzen dituzten alderik erakargarrienetako batzuk besterik ez dira, miliziano eta gudariek egin zuten Bilboren defentsa 1937ko udaberrian jasan zuen setioa izan zen bitartean.
Baina gainera 60. hamarkadan, frankismoaren aurka borrokatu ziren indar politiko eta sindikalen berrantolaketa hasi zenean ezkutuko bilerak egin ziren bertan.
Artxanda mendiaren magaletan egin zen 60. hamarkada erdialdean Langile Komisioak sindikatuko lider batzuen arteko bilera, horietako batzuk Jose Unanue eta Txabi Etxebarrieta ETAko burua. Garai hartan erakunde hau alderdi klandestino bat besterik ez zen, oraindik ez zireen borroka armatuarekin hasi eta harremana mantentzen zuten langile mugimenduko erakundeekin.
BELTRAN Y CASADO
Beltran y Casado orain Deustuko ikastola dagoen tokian zegoen enpresa izan zen. Bere lantegian lehenengo hozkailuak egin zituen enpresa izan zen. 40. hamarkadan luxuzko gaia zen Kataluniako burgesen mailako kontsumitzaileen eskura bakarrik zegoena. Beranduago izan zen, 60. hamarkadak aurrera egin ahala, langile klasearen maila hobetu zenean lanaldiak zabalduz, aparteko orduak eginez, enplegu bat baino gehiagorekin edo ezkutuko jarduerekin langileak ere etxeko-gaiak erosten hasi zirenean. Honetaz gain, etxebizitzen jabe ere izango dira, autoak erosi eta seme-alaben ikasketak ordaintzeko gai. Kontsumo gizarteaz hitz egiten has gaitezke beraz. Baina horrez gain, bizi kalitatearen hobekuntza langileek egindako borrokari esker izan zen posible, Euskadin diktaduraren azken garaian Langile Komisioetako militanteak buru izan zirela.
Enpresa honetako langileen parte-hartzea handia izan zen bere eskubideen aldarrikapenean. 50. hamarkada bukaeran lantegietako komisioak antolatzen hasi ziren.
“legezko borrokaren erabilerak eta legezko extra izan ziren ni Beltran y Casado enpresako epai izatea ahalbidetu zutenak 1958. urtean, eta honek era irekiagoan lan egiten lagundu zigun”.
Emakume langileen papera garrantzitsua izan zen. Oso aktiboak izan ziren mugimendu sindikalean. Beraiek animatzen zituzten greba handietan eskumaldetik Euskaldunako langileak kalera ateratzeko.
OTXARKOAGA
Dagoeneko aipatu dugun moduan, 50. hamarkadaren bukaeratik Bizkaira iritsi zen jario migratorio handiak, bertako, lurraldeko eta estatuko agintarien aurreikuspenak tarte handiarekin gainditu zituen. Eta bai, “Bizkaian denentzako lana zegoen” emigratzera animatzen zuen propagandak esaten zuen moduan, baina horrek ez zuen etxebizitza faltaren inguruan ezer esaten. Bilbora iritsi eta lehengo urteetan milaka langilek etxebizitza baldintza tamalgarriak jasan behar izan zituzten. Bilboko mendiak inguratzen zituzten txabolen irudiak garapenaren alderdirik malkarrena marrazten zuten. Arazo honekin bukatzeko, erakunde ofizialek (Etxebizitza Institutu Nazionala eta Etxebizitza MInisterioa) langileei etxebizitza duinak eskaini ahal izateko hainbat ekimen jarri zituzten martxan. Horrela sortu zen Otxarkoagako auzoa, garai hartan publizitaterik gehien izan zuen lanetariko bat, erregimenari gizarte esparruan irudia xamurtzeko balio izan ziona.
Hori eraikitzeak lasaitu ederra eragin zuen arazo horrekin bukatzeko saiakeran, baina horren atzean, ekimen pribatuari ere onura ikaragarriak eragin zizkion eta irregulartasun eta akatsak izan ziren horien eraikuntzan. Urte gutxi pasata etxebizitzetako arazoak ebaluatzeko egin zen ikerketa batek agerian utzi zituen eraikuntzak zituen hutsune esanguratsuak (hezetasuna, arrailak…) horietako gehienak garai hartan erabilitako material kaxkarren ondorioz.
SAN FRANCISQUITOKO ELIZA

70. hamarkadako lehen urteetan pluralismoa handitzen joan zen CCOOn. Ezker erradikaleneko taldeetako militante berriak sartu ziren, oinarrian eragin maoista eta troskita zutenak eta baita ere sektore kristauetakoak, jatorrietan gertatu moduan, baina orduan erradikalizatuagoak. CCOOko sensibilitate berriek sortuko dituzte jarraitu beharreko taktikaren oinarrizko jarrerak. “Euskadiko Langile Batzorde Nazionalak” (CONE), PCE-EPKren kontrolpean CCOOren ikuskera irekia babestu zuen. Jarrera honek poliziaren atxiloketa arriskua zekarren garaiko askatasun faltagatik, eta hala gertatu zen askotan. Langile Komisotzat ekintzan dauden langileen osotasuna hartzen zen orduan. Beste jarrera bat da ordea, “Euskadiko Langile Komisioen Koordinatzailearena” (CECO), ezkerreko hainbat erakundeetan presentzia handia zuen eta antolaketa zorrotzago baten aldeko zen, eta klandestinitatea jasaten zuten askatasun demokratiko falta eta jazarpen poliziala izan zela eta. CONEak Santutxuko San Francisquitoko Eliza erabili zuen bilerak egiteko.
Jose Antonio Pérez, Estíbaliz Montero y Oskar Arenas
Beste ibilbide batzuk: https://errepublikaplaza.wordpress.com/ibilbideak-itinerarios/
Egunon!
Más que interesante recorrido por nuestra historia, compañeros, excelente trabajo. Pero me gustaría matizar alguna cosa que contais. Es cierto que las Comisiones Obreras nacieron del seno de la HOAC y la JOC, pero también la Union Sindical Obrera. De hecho, el sector mas importante al que aludís de esas reuniones en La Aneja, el de los militantes católicos (yo mas bien les denominaría cristianos de base), fue la base para fundar la USO con Valeriano Lavin a la cabeza, Jose Maria Olleta, Julián Chacarte y muchos otros, los grandes olvidados de la historia del movimiento obrero.
Pingback: Otsailaren 11a, lehen Errepublika 2021 | ERREPUBLIKA PLAZA
Pingback: 2022 Arrigorriaga. Lehen errepublika eguna. 13-2-2022 | ERREPUBLIKA PLAZA
Pingback: 2023 Donostia. Lehen Errepublikako eguna 4-2-2023 | ERREPUBLIKA PLAZA
Pingback: Paseo republicano por Donostia - Tercera Información -Tercera Información